Más de 11.000 entradas y 1.050.000 visitantes desde el 9 de octubre de 2011

Catalunya (Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua)

Askatasuna eskuratzeko jorratzen ari den bidean sufritzen ari den errepresioaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere elkartasuna helarazi nahi dio Catalunyako herriari.

Catalunya autodeterminazio eskubidearen urrats taktikoa gauzatzeko erabakigarritasun osoa erakusten ari den honetan, Espainiako Estatuaren benetako aurpegia ari da agerian gelditzen, faxismoaren aurpegia hain zuzen ere.

Gerra eta odolaren isurketaren bidez sortu zuten Espainia, eta gerra eta odolaren isurketaren bitartez behin betikotzeko prest jarraitzen du Espainiako Estatuak. Euskal Herrian ondo ezagutzen ditugu demokrazia deitzen dioten horren izenean egindako gehiegikeriak, ondo ezagutzen ditugu Zuzenbide Estatuaren izenean herriaren aurka burututako estatu erailketak, torturak, atxiloketa masiboak, legez kanporatzeak eta kartzelaratzeak.
Euskal Herriaren aurka erabilitako errepresioa borroka armatuaren existentziaren aitzakiapean justifikatzen zuten horiek, Catalunyan bertan aitzakia berberaren pean tortura kasu larriak utzi zituen razzia poliziala burutu zuten 1992an. Orain ez dago borroka armaturik, baina Espainiako okupazio indarrak martxan dira herriari bozkatzeko eskubidea lapurtzeko, komunikabideak miatzeko, adierazpen eta biltze eskubideak bertan behera uzteko eta jendea beldurtzeko. Nazionalkatolizismo frankistari, sozialismo hitza era maltzurrean haienganatu duten baina saloiko ‘progreak’ besterik ez direnak batu zaizkio errepresioaren zuritze lan horretan, terrorismoaren gorazarre argia eginez.

Gurea amnistiaren aldeko mugimendua den heinean, gogora ekarri beharra daukagu euskal preso politikoak (zein Euskal Herriren alde borroka egiteagatik preso diren militante katalanak ere), deportatuak eta erbestean jarraitzen dutenak, hain zuzen ere faxismo horri aurre egiteagatik ari direla errepresioa pairatzen, eta Estatu espainolak (baita Estatu frantziarrak ere) herri zapalduen aurka darabilen politika kriminala dela errepresaliatu politikoen borrokari zilegitasuna eman diona.

Bukatzeko, azpimarratu behar dugu Catalunyako herria inposizioa eta okupazioaren aurka burutzen ari den desobedientzia borroka honek zuzeneko eragina izango duela Euskal Herriaren etorkizunean. Beste herri zapalduen elkartasun aktiboa jaso dugu historikoki Euskal Herrian, eta oraingoan guri dagokigu beste herriei, kasu honetan Catalunyari, jaso dugun guztia bueltatzea, betiere ahaztu gabe Euskal Herrian ere okupatzaileen legediari desobeditzea ezinbestekoa izan dela eta izango dela askatasunaren bidean.

VISCA CATALUNYA LLIURE!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
Euskal Herria, 2017ko irailaren 19a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

(Amnistia Garrasia)